|
|
Kursaal jauregian izango da, irailaren 5etik 9ra bitartean, Partikula Azeleragailuen Nazioarteko Konferentzia, eta mundu osoko 1.200 zientzialari erakarriko ditu Gipuzkoako hiriburura.
Mundu-mailako kongresu hau 2009ra arte gai honen inguruan egin diren nazioarteko hiru konferentziak (Europa, Asia eta Amerikakoa) elkartzearen ondorioz sortu da. Hala, bakar batean bildu dira eta, txandaka, hiru kontinenteetan egingo da. Nazioarteko topaketa hau lehen aldiz 2010eko ekainean egin zen, Kyoton (Japonia). Hurrengoa Europari egokitu zaio eta, bertan, Donostiako Kursaal aukeratu da.
CERNeko Oliver Bruening da Antolaketa Batzordeko presidentea; Liverpooleko Unibertsitateko Andy Wolski, Batzorde Zientifikoko presidentea; ALBA-CELLSeko Francis Pérez, Tokiko Antolaketa Batzordeko presidentea; eta CERNeko Christine Petit-Jean-Genaz, Europako IPAC Konferentzien koordinatzailea.
Saio berezia: “Las mujeres en la ciencia”
Batzorde Zientifikoak programatutako bilera, eztabaida eta hitzaldiez gain, bi saio berezi ere izango dira. Lehena, Espainiako zientziaren industriari buruzkoa, irailaren 5ean izango da, CDTIk (Garapen Teknologiko eta Industrialerako Zentroak) eta INEUSTARek (Zientziaren Industriaren Espainiako Elkarteak) antolatuta. Saioak Espainian azelerazio teknologien arloan izandako aurrerapenak erakustea du helburu, eta Industria, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Berrikuntzako idazkari nagusi Juan Tomás Hernanik zuzenduko du.
Bigarren saio berezia irailaren 7an izango da, asteazkena, “Mujeres en la Ciencia” izenburupean. Besteak beste, emakumeek partikulen azelerazioaren arloari zer ekarpen egin dioten eta zientzia eta teknologiako ikasketetara emakumezko gazteak nola erakarri izango dira hizpide. Zientzian aritzea eta familia zaintzea nola uztartu ere aztertuko da saioan, besteak beste, Martine Jaminon, Caterina Biscari edo Margarita Cimadevillaren eskutik. Azken honek “Ciencia Ex Aequo” izango du hizpide, Kursaaleko areto batean erakusketa bateko gaia ere izango dena.
Konferentziaren osagarri, ehun bat erakusmahai jarriko dituzte partikula azelerazioari loturiko hainbat enpresa, erakunde eta laborategik.
Gertakari garrantzitsua Kursaalen
Kongresu hau Donostiara ekartzeko, gogor egin dugu lan 2008tik eta Valentzia eta Granadarekin aritu behar izan dugu lehian. Donostiako alkatetzaren zuzeneko inplikazioa ere funtsezkoa izan da proiektu honi aurre egiterakoan. Zeregin horretan Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuaren laguntza izan da.

